Obesitatea energiaren desoreka da.Hots, gorputzen sartzen dugun energia kopurua, gastatzen duguna baino handiagoa denean sortzen den gaixotasuna da. Gorputzean behar baino jaki gehiago sartzen ditugunean sortzen da ia beti, salbuespenak salbuespen. Neska-mutil obesoen ezaugarriak honako hauek direla esan dezakegu: ariketa fisiko gutxi egitea (kirolean ez ezik, bizitzako arlo guztietan ere berdin gertatzen zaie; adibidez, eskolara joateko autoa gehiago erabiltzen dute oro har), eguerditik aurrera jaki gehiago hartzea eta telebistaren aurrean denbora asko ematea. Ezaugarri hauek obesitatearen sortzaile zein ondorio dira; ohar gaitezke bestalde, ariketa fisiko gutxi egiteak obesitatera bultzatzen duela, energia gutxi erretzen delako; baina, bidebatez, obesitateak ariketa fisikorik ez egitera bideratzen du, gurpil-zoro honen bidez obesitatea errazten delarik.
Lodi egotea osasunaren adierazlea ez ezik, estetikarena ere izan da ia orain arte. Obesitateak ondorio fisikoak eta psikikoak ditu, batez ere, haurtzaroan. Hala eta guztiz ere, ondorio nagusienak eta kaltegarrienak helduaroan izaten jarraitzeko arriskua dago, adibidez, diabetesa, hipertentsioa, kardiopatia... Hau guztia, beraien pisua baino %30- 45 gehiago pisatzeagatik gertatzen da. Frogatuta dago nazioarteko ikerketetan, baita Euskal Herrian azken urteetan egindakoetan ere, ume eta nerabe obesoek besteek baino odol-tentsio eta kolesterol-neurri handiagoak dituztela; honi ariketa fisiko gutxi egitea gehitzen badiogu, ume obesoak arteriopatia-mota bat (bihotzeko infartoa, burmuineko baso-gaixotasuna, etab.) izateko 3 elementu garrantzitsuenetarikoz jabetzen ari direla ohartzen gara. Baina, bestalde, frogatuta dago, obesitatea bera, berez dela arteriopatiaren sortzaile bat eta ez duela aipatutako ondoriorik behar arrisku-faktore izateko.
Gainera, esan beharra dago, ume txiki - txikiek ez direla bizitza osorako lodiak izango, eta horren erantzukizun nagusiena gurasoek dute. "Hura ikusi hura ikasi", hau da, haurrek gurasoen jarrerei arreta handia jarriko diote eta ikusten dutena izango da geroxeago egingo dutena. Horrez gero, garrantzitsua izango da gurasoen jarrera egokia izatea elikagaiei dagokienez, nutrizioari dagokionez eta azken finean, dieta egokia jarraitzeari dagokionez.
No hay comentarios:
Publicar un comentario