2007-05-03

Bigorexia

Hain ezaguna ez den, baina elikadura nahasmenei loturik dagoen beste gaixotasun bat bigorexia dugu.
Bigorexia deituriko gaixotasuna edo patologia 1993an diagnostikatu zuen lehenengo aldiz Estatu Batuetako Harrison G. Pope psikiatrak Harvardeko Medikuntza Fakultatean. Eritasun hau pairatzen duen pertsonak normalean, gorputzeko giharrak gutxi garatuta dituztela uste dute, edota gorputzaren itxura fisikoa hobetu behar dutela.

Beraz, gero eta gihartsuago egoteko eta horri eutsi ahal izateko, hainbat bide erabiltzen ditu. Lehenengoa eta garrantzitsuena da gimnasioan ordu ugari ematen dituela egunero, ia bere bigarren etxea bilakatu arte. Kirola egitea obsesioa bihurtzen da. Zoritzarrez, kasu horretan kirolaren helburua ez da izaten osasuntsuago egotea, baizik eta gero eta gihar gehiago izatea. Egun batean gimnasiora joan gabe geratuz gero, antsietatea izaten du, horrek gihar-bolumena galtzea eragingo diola pentsatzen duelako. Beraz, arazo psikologikoa dela egiaztatu dezakegu.
Elikadurari dagokionez, bigorexia duenak izugarri handitzen du dietako proteina kantitatea, eta koipeak gutxitu, helburua gero eta gorputz gihartsuago eta indartsuagoa lortzea delarik.
Eritasun hau pairatzen dutek beraz, ez dute dieta orekatu bat jarraitzen, esteroideak eta anabolizanteak hartzen ditu gihar masaren ekoizpena handitzeko, eta horiek oso ondorio kaltegarriak dituzte: bihotz- eta zirkulazio-gaixotasunak izateko arriskua handitzen dute, gibeleko arazoak eragiten dituzte, barrabilen tamaina txikitzen dute, erekzio-arazoak sortu, eta prostatako minbizia izateko arriskua handitu.
Neurri horiek guztiak hartu eta jendearen begietara gihar gehiegi izan arren, bigorexia duena ez da horretaz ohartzen, eta inoiz ez du bere burua nahiko gihartsu ikusten. Anorexikoek eta bulimikoek beraien gorputza argalegi ikusten ez duten legez. Argi dago, beraz, beste elikadura-nahaste batzuetan bezala, gorputzaren irudiarekin erlazionatutako arazoa dela. Eragileetako bat gizarteak modu batera edo bestera inposatzen dituen gorputz-irudien patroiak dira.
Gizonezkoetan emakumezkoetan baino ugariagoa da gaixotasun hau, eta batez ere kulturismoa egiten dutenen artean zabaldu da, nahiz eta horrek ez duen esan nahi kirol hori egiten duten guztiak gaixo daudenik. Ikerketek diotenez, gimnasiora maiz joaten diren pertsonen % 10ek izaten ditu bigorexia-arazoak. Espainian 700.000 kasu daude, gutxi gorabehera.

Bigorexia duen pertsonaren ezaugarri psikologikoak beste elikadura-nahasteak dituztenen ezaugarrien oso antzekoak dira: autoestimu txikia, izaera itxia, heldutasun falta, gizartean integratzeko arazoak, antsietatea, depresioa... Gainera, bizitza nolabaiteko erritual bilakatzen du: egunean zehar zer jan eta zer ariketa egin antolatzen du, oso maiz pisatzen da, etengabe begiratzen dio ispiluari zenbat gihar irabazi edo galdu duen egiaztatzeko...
Bigorexiak, ondorio psikologikoez gainera, ondorio fisiko eta estetiko ugari ere baditu: lehen aipatu ditugun anabolizanteen ondorioak, gorputzaren eta buruaren arteko proportziorik eza; pisu gehiegi izateagatiko hezur eta artikulazioetako arazoak; arintasun falta, gihar eta tendoi laburragoak...
Gainera, dieta izugarri desorekatzen denez, gibelak eta giltzurrunak izugarrizko lana egin behar izaten dute proteinen hondakinak kanporatu ahal izateko, eta arazoak eta kalteak izaten dituzte bi organo horietan.
Tratamendu nagusiena psikologikoa da. Pertsona horren autoestimua handitu behar da, eta bere gorputza den bezalakoa onartzen eta maitatzen irakatsi. Bestetik, eta tratamendu psikologikoarekin batera, oso beharrezkoa da elikaduraren arloko heziketa, dieta orekatua zein den jakin eta hori egin ahal izateko oinarriak ezartzeko.

Ohara: Post honetan agertzen den informazioaren gune batzuk internetetik aterata daude.

No hay comentarios: